-
1913-2003 artean tabako fabrika bat izan zen. XX. mendean zehar, Donostia hiriguneko lantegi inportanteenetakoa izan zen Tabakalera, eta langile gehienak emakumeak izaki, bizitza sozialean garrantzi berebizikoa izan zuen.
-
Espainian tabakoaren ustiaketa pribatizatu zenean, enpresa berriak –Altadis– bere fabriketako zortzi itxi zituen, 2003an, Donostiakoa tartean zela. Egoera horren aurrean, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erosi zuten eraikina, kultura garaikidearen nazioarteko zentro bilakatzeko.
-
Proiektua garatu bitartean eta eraikina eraberritzkeko lanak egin bitartean Tabakalerak erakusketak, zikloak, eztabaidak... antolatu zituen hainbat eragilerekin elkarlanean. 2007 urtean hasi zen Tabakalera bere programa garatzen. Urte horretan antolatu ziren, besteak beste, Free Electrons bideo arte-lanen erakusketa eta Summer Julian Schnabel margolariaren erakusketa handia.
-
2008an DAROS bildumako lanak erakutsi zituzten Ez da neutrala erakusketan eta Tabako fabrikaren historia gogoratu zuten Egiatik proiektuarekin.
-
2009an, Look Again bideoartea oinarri duen erakusketa eta eraikina berritzeko aurkeztutako lanak ikusgai ipini dituen erakusketa izan dira ikusgai. Gainera, Clermont-Ferrand film laburren nazioarteko jaialdiarekin elkarlanean LABO saila proiektatu zen Donostian bigarren urtez.
-
2011ko apiriletik 2015eko irailera arte Tabakalerako eraikina berrikuntza-lanetan izan da. Jon eta Naiara Monteroren 3 en Raya proiektuaren arabera egin dira berrikuntza-lanak, hark irabazi baitzuen, 2008an, Tabakaleraren Berritze Arkitektonikorako Nazioarteko Lehiaketa.
-
2015eko irailaren 11n ireki zituen ateak Tabakalera berrituak, kultura garaikidearen nazioarteko gune bilakatuta.