Maxresdefault

Orozkoko Garrafaren historia

  • Moritz Willkomm-en bisita

    Moritz Willkomm-en bisita

    Garrafaren historiako gertakari garrantzitsu bat eman zen Orozkon 1850. urtean: Moritz Willkomm botanikari eta geografo alemaniar ospetsuak herria bisitatu zuen. Honela sortu zen limonada Orozkoko elurzuloetatik ekarritako elurrarekin lotzen duen lehen erreferentzia dokumentala. Izan ere, bi urte ondoren, berak egindako bidaien oroitzapen batzuk argitaratu zituen. Haien artean aurkitzen zen "Una ascensión al Gorbea" pasartea, non Orozkon zegoen limonada egiteko ohiturari buruz aipatu zen.
  • 'Historia de Vizcaya' argitaratzen da

    'Historia de Vizcaya' argitaratzen da

    Juan Ramon Iturriza Zabalak mende bat lehenago hasitako eta Manuel Azkarraga Regilek osatutako "Historia de Vizcaya" proiektua argitaratu zen 1885. urtean. Orozkori buruzko orrialdeetan, datu bitxi baten berri eman zen: herrian limonadak prestatzeagatik zegoen ospea. Gainera, Gorbeia mendiko elurzuloak ere aipatu ziren: Neberabarri eta Neberabaltz, Itxinako handienak.
  • Emiliano Arriagaren 'Lexicón' argitaratu zen

    Emiliano Arriagaren 'Lexicón' argitaratu zen

    Limonadaren prestakuntzaren inguruan mintzatzen zen "Lexicón" obra argitaratu zuen Emiliano Arriagak 1896. urtean. Bertan aipatzen da nola elaboratzen zen limonada, eta honetarako beharrezkoak ziren osagaiak. Halaber, Arriagaren obraren ondorengo berrargitalpenek, errezeta askoz argiagoa erakusten dute, gaur egun dagoen errezetarekin antz handiagoa duena.
  • Garrafa Bilbon

    Garrafa Bilbon

    Orozkoko tradizio hori Bilbon ikusi genuen 1908ko irailaren 11n. Izan ere, Begoñan ospatutako ezkontzako gonbidatuei "txakolinezko limonada" izenekoa zerbitzatu zien San Nikolas elizaren ondoan kokatutako Torrontegi hotelak.
  • Garrafa Bilbon II

    Garrafa Bilbon II

    Urte batzuk beranduago, Bilbora bueltatu behar dugu. Izan ere, 1926ko ekainaren 11n, "bertako ardo izoztua" zeritzona edan zen, Isla de Txatxarramendi hotelean Bizkaiko Foru Aldundiak XIV. Nazioarteko Geologia Kongresuko kide ziren jaunei zerbitzatuta. Jose Luis Iturrietaren arabera (1992), ardo izoztu hori garrafa zitekeen.
  • Limonadak "garrafa" izena hartzen du

    Limonadak "garrafa" izena hartzen du

    1936-1939 urteetan gauzatu zen Gerra Zibilaren ondoren, urte askotan "limonada" izena zuenak, "garrafa" izena hartu zuen. Izan ere, mendeko bigarren erdialdeko dokumentuak kontsultatu ezkero, ikusiko dugu nola dokumentu guztiak "garrafaz" ari diren soilik, "limonada" hitza atzean utzita.
  • Orozkoko Garrafa aipatzen da 'Hierro' egunkarian

    Orozkoko Garrafa aipatzen da 'Hierro' egunkarian

    1967ko irailaren 30ean argitaratutako "Hierro" egunkarian, "Balcón de Vizcaya" atalean, Nicolas Dorado Ortizek urte horietako Orozkori buruzko xehetasunak ematen ditu. Besteak beste, elurzuloez hitz egiten du, eta, noski, garrafa ospetsuaz ere. Orrialde horietako poemetako batean, Blas de Oteroren poema aurkitzen da, garrafari buruzkoa. Gainera, egileak garrafa on bat egiteko errezeta aurkezten du orrialde horietan.
  • Batasuna Dantza Taldea sortu zen

    Batasuna Dantza Taldea sortu zen

    1970eko hamarkadaren erdialdean Batasuna Dantza Taldea sortu zen, dantza tradizionalak berreskuratzearen helburuarekin, eta ekarpen garrantzitsuak egin zituzten Orozkoko garrafaz aritzerakoan. Dantza taldeko kideek Nabeatarrak bizi ziren etxera joateko ohitura zuten herriko jaiegunetan, bertan garrafa prestatzeko eta ondoren zezen-plazara eramateko, eta bertan edateko. Izan ere, garrafak eta zezenak oso lotuta zeuden urte haietan, ohikoa baitzen hainbat lagun zezenketetan garrafa egiten ikustea.
  • Garrafa kalean egiteari utzi ziotenean

    Garrafa kalean egiteari utzi ziotenean

    1980tik aurrera, zezen-plazaren ohiko kokalekua aldatu egin zuten. Honek eragin zuen herrian bizi zen jai-giroa ahultzen joatea, eta garrafa kalean egiteari utzi zioten gazteek. Orduan, garrafa egiteko ohitura familia eta lagun arteko esparrura mugatu zen, baina honek ez zuen tradizioaren galera suposatu.
  • Garrafa lehiaketa, ohitura berreskuratzeko

    Garrafa lehiaketa, ohitura berreskuratzeko

    1980tik aurrera garrafa kalean egiteko ohitura desagertuz joan zenez, lau urte beranduago lehiaketa bat antolatu zuten Iñaki Uribarrik eta Karlos Epalzak. Garrafa kalera bueltatzea zen haien helburua, eta lehiaketara zortzi partaide hurbildu ziren. Dena den, jaietako ekitaldiaren garrafaren erabilera berreskuratzeko saiakera honek ez zuen jarraipenik izan hurrengo urteetan.
  • Orozkoko Jaietako Lehen Garrafa Lehiaketa

    Orozkoko Jaietako Lehen Garrafa Lehiaketa

    Egoera hau ezin zen horrela mantendu, eta garrafa jai-girora bueltatzeko, 2003ko San Antolinetan, herriko jaietan, Lehen Garrafa Lehiaketa antolatu zen. Honi esker, Jon Ander Lataturen eta Orozkoko Soplagaitak taldeko kideen ametsa egia bihurtu zen: garrafa kalera bueltatzea. Urte hartan 20 bat garrafek parte hartu zuten, eta Soplagaitak taldeko kideen laguntzarekin, gazteenei ezagutzen ez zuten jaiez gozatzeko modua erakutsi zieten. Harrezkero, jaietako Garrafa Lehiaketa urtero ospatzen da.
  • Orozko Garrafa Kultur Elkartea sortzen da

    Orozko Garrafa Kultur Elkartea sortzen da

    Lehen Garrafa Txapelketa eta bi urte ondoren, Orozko Garrafa Kultur Elkartea sortu zen, garrafa egiteko tradizioari eusteko eta honen erabilera ezagutzera eramateko ekintza kulturalak antolatzeko helburuarekin. Niko Astobitza Elkartearen bozeramaileak aipatu bezala, “Kalean ez zen garrafarik ikusten, eta guk txikitan zezenetan, jaietan, etab. beti garrafa eramaten genuen. Ohitura galtzen hasi zen, eta hau mantentzeko eta beste herrietara zabaltzeko (Basaurira, Mungiara…) sortu genuen Elkartea".